|
50. URTEURRENA Azkenik, aurten betetzen da. Goikogane Mendi Taldeak bere “urrezko ezteiak” osasun onean, sasoi betean, betetzen ditu. 50 urteetan, ilez il, jardunalditik jardunaldira, bide-zidor nekagarrietan zehar, beti bazkide zintzoez inguratua, etorkizunaren goirirantz ibili ondorean aurrera doa, ekin eta jarrai, oraindik mendizaleon hodeiertzean urkusi ezin diren gainetarantz. Baina helmugako marra zapaltzea ote du xede, ala ibiliko da, beti goiti, gero eta gero gain garaiago batera igoten, bideari jarraikiz? 50 urteok txandakako lasterka izan dira, eskutik eskura zuzendaritza batak beste batari emanaz, lekukoak ´sortu zeneko gogo-asmo kiroltzaleak motxilan daramatzala. Azkar irten genuen, hala-hala, beti gorantz; Taldearen kronikak bere idazkietan adiarazi, aldarrikatu eta egiaztatzen duena legez. Sortagiriak dioenez, 1959ko azaroaren 8an, igandearekin, 12:30etan jaio zen, erditzean 65 laurdioar mendizale emagin , Casino Llodiano-ko bileran, hainbat ilabetean ondu izan zena, umatu zenean.Carlos Larreak, Club Deportivo Villosako idazkariak, elkarte honen barruan kirol-adar batzuk batzeko nahia azaldu zuen, eta mendizaletasuna, bereziki, “amateur” edo berezkoa den ginoan. Aho batez onartu zuten, eta Eustakio Eizmendi apaizak Grupo Alpino Goikogane izenagaz bataiatu zuen. Aitabitxiak honako hauek: Gorostiaga´tar Jose Antonio lehendakari, Arrazuria´tar Eloy lehendakariorde, Dabouza´tar Luis Mª. idazkari, Larrea´tar Carlos diruzain, Urkijo´tar Jose Mª. eta Setien´dar Ignacio mahaikide. Sortu eta berehala, tapa-tapa ibilten hasi zen. Lehen batzarrak Arautegia onartu zuen, bazkideen ordaina (3 pta. ileko), egintzen egutegia eta Goikogana gainean – izenarekin ikur duen mendian- txartelontzia ipintea ere erabaki zituen. Egun batzuk geroago, azaroaren 22an, 70 mendizale euripean bertan zirela, ikur-gurutzea eraikia izan zen. Jardunaldiak, asmo berriak, hobetu nahiak, urteroko batzarretan bazkideen buru-bihotzetan zegozen. 1967ko epailaren 5ean, lehen aldiz, bere egoitza berean eta berrian bildu zen; Caja de Ahorros Municipal de Vitoria-k utzitako tokia, herri honetan kirol talde batek ukan duen lehenengoa, ilabete geroago, ofizialki, irekia izan zena. Gaur egun, berea den egoitza txit ederrean egiten du. Hiru urteren ondotik, 1970eko agorrilaren 18an, beste asmo bati ekin zitzaion, hots Gorbeiako Austegiarbin deritzaion lekuan aterpetxeko oinarria ipini zen. Urteen urtez, Taldearen ondasunik behinena den honetan, bai eraikitzean bai gero ere iraunaraztean, hainbat bazkidek beredin ahalegin eta inka egin izan du. Goikogane Mendi Taldearen ibilketa geldigaitzean, –gaur egun 20 ibilaldi ororentzako eta beste 14 umeentzako urtero, 1.200 bazkiderekin–, Euskal Herriko gain guztietara igo da, Estatuko tontorrik kukutuenetara ere bai, eta bazkide aipagarri batzuek goi mendietara ere jo izan dute, hala nola, Alpeetara -Suitzan, Frantzian, Austrian,Slovenian...- ; Marokoko Atlas Garaietara; Andeetara, eta Himalayako gailur ospe handikoetara, hots, Sagarmatha (Everest), Makalu, Gasherbrum...; edo Pamir mendilerrora, Lenin, Razdelnaia...erpinetara. Beti gora nahi honezaz, gure bazkide batzuek azken ibilaldia egin zuten, mendizaleen paradisura bidean, eta bertan geratu ziren, gure oroigarri eta maiz lagungarri zaizkigula mendiz mendi eta gainik gain ibiltzen garenetan: Toni (Atlas Garaia 1998), Txelis (Chimborazo 2001), Tomás (Balerdi 2008). Aldaxka gazteak sortzen dira, enbor beretik, berrogeita hamar urteotan legez, eta honela izanen da, hurrengootan ere, Eskola Kirolako kimuek ikusarazten digutenez.
Goikogane M.T. J.C. Goikogane M.T.
|
|
|